Bilduma

Europako tren-bildumarik onenetakoa du Burdinbidearen Euskal Museoak, mota askotako ibilgailuak biltzen baititu: lurrunezko tren-makinak, diesel motordunak nahiz elektrikoak; tren automotorrak, eta askotariko bagoiak.

Horrez gain, Euskal Herriko makina-erremintaren esparruko bildumarik aberatsenetakoa eskaintzen du museoak, Urolako Trenbidearen lantegi mekaniko zaharraren bidez. 1925ean inauguratu zen bezalaxe gordetzen da gaur egun instalazioa; bertan dagoen motor elektriko zaharrak 16 makina jartzen ditu martxan, txirrika, uhal eta barra kolektore ugariko sistema konplexu baten bidez.

Elektrizitatearen transformaziorako zentral zaharraren instalazio harrigarriek, merkurio-lurrunaren bidez artezteko jatorrizko ekipoak gorde dituztenek, aurreko mendeko teknologia modernoena islatzen dute.

Azpeitiko geltoki zaharreko eraikin nagusiaren lehenengo solairuan, XIX. mendearen amaieratik AVEren sorrera arte tren-langileek erabili izan dituzten uniformeen erakusketa aparta dugu ikusgai. 

Bigarren solairuan, tren-geltokietako ordularien erakusketa aurkituko dugu, munduko onenetakoa, eta denboran zeharreko bidaia batean murgilaraziko gaitu.